Kontuan izateko ohar eta arauak

Gure ikasleen besarkaden falta sentitzen dugu

Aste berezi bezain bitxia abiatu da, lan egiteko guztion ohituretarako erronka izango dena. Gure proposamenaren eraginkortasuna ziurtatzearren, zuen seme-alaben lanaren jarraipena egin eta tutoreekin harremanetan egoteko eskatzen dizuegu.

Gogora ezazue proposatutako plana ikastolako webgunean daukazuela.

Gure ikasleak, adin jakin batetik aurrera, eskura jarri dizkiegun tresna digitalen bidez bete beharreko atazak jasotzen ari dira.

Egoera honi ahal den bezain ondo aurre egiteko euskarazko doako baliabide-zerrenda ere argitaratu dugu.

Horiez gain, helarazi dizkizuegun informazioan aldaketa batzuk jakinarazi nahi dizkizuegu:

  • Asteburu honetan egoerak izan duen aldaketa eta autoritate eskudunek hartutako azken orduko erabakiak direla-eta, gure plangintza bigarren fasera pasa da.
  • Ikastolako idazkaritzaren arreta-ordutegia 8:00etatik 14:30era artekoa izango da. Ordu horietatik kanpo eta kontrakoa iragartzen ez dugun bitartean, ikastolara ezingo da sartu.
  • Zuen seme-alaben materialen baten bila etorri beharko bazenute, eskaera telefonoz egin beharko duzue, ikastolako langileek aurkitu eta idazkaritzaren bitartez helaraz diezazueten. Ikastolara etorri behar baduzue, gogoratu Osakidetzaren segurtasun- eta osasun-protokoloak betetzea nahitaezkoa dela.
  • Irakasleen presentzia ikastolan ez da jarraia izango. Kasu batzuetan, lana telematikoki beren etxeetatik egingo dute. Beste batzuetan, koordinazio zein eraginkortasuna direla-eta, ikastolan egingo dute ordutegi mugatueta eta segurtasun-neurriak ahalik eta hoberen errespetatuz.
  • Lan-plangintza telematikoki beteko da. Datozen egunotan egin beharreko egokitzapen eta aldaketez informazioa helaraziko dizuegu. Zaudete erne, mesedez, egoera hau guztiontzat berria baita eta komunikazioan aldaketak eta bapatekotasuna eskatuko baititu. Gure ikasleen ikaskuntza-prozesuak inoiz baino kooperatiboago eta biziagoa izan beharko du. Hortaz, zuen seme-alaben eguneroko lana gainbegiratzera animatzen zaituztegu.

Azkenik, familiarentzat proposamen edo erronka txikia luzatzen dizuegu. Twitter zein Instagram-era marrazki, argazki edo goiburu bat igotzea proposatzen dizuegu, #AxularEtxetik hashtag gehituz. Zuen seme-alabek edota zeuek ikastolan ez egoteagatik zeren falta sentitzen duzuen.

Lehenbizikoa geuk zintzilikatu dugu: Gure ikasleen besarkaden falta sentitzen dugu #AxularEtxetik

Besarkada handi bat!

Zuzendaritza Taldea