Ikastola itxita dago, baina lanean ari gara

.

Guraso agurgarriok:

Agintari eskudunen erabakiaz, Euskadiko ikastetxe guztietan eskola jarduera presentziala aldi baterako eten da. Horregatik, ikasleak ezingo dira ikastolara etorri. Neurria bihar, martxoaren 13an indarrean jarriko da.

Dena den, ez da ulertu behar jarduera presentziala eteteak ikas-jarduerarik ez egotea dakarrenik. Hori dela-eta, jakizue Axular Lizeoan kontingentzia-plana diseinatuta daukagula eta gaur bertan aktibatu dugula.

Azken egunotan, itxiera-egoera hipotetikoaren aurrean zer egin erabakiko lukeen taldea sortu dugu. Diziplinarteko talde horrek ikastolako etapa guztietako errealitate, behar eta posibilitateak analizatu ditu, gure ikasleen beharrei ahalik eta hoberen erantzuteko asmoz.

Gogora ezazue lehentasun oinarrizkoena osasuna dela. Horregatik, aholku ofizialei jaramon egiteko eta dokumentu honetan zehazten diren neurriak arretaz jarraitzeko eskatzen dizuegu.
      
Zuen seme-alabei lasaitasuna transmititu nahi diegu, egoera berezi hau aukera bat dela uler dezaten, gaixotasunen kutsapena eragozteko hainbat higiene-neurritara guztiok ohitzeko aukera alegia.

Bihartik aurrera nola egingo dute lan ikasleek?
Bihar, ostirala, ikasle guztiek bukatu gabe dauzkaten zeregin, lan, ikasketa eta berrikusketak eguneratuko dituzte. Egunaren amaiera aldera, Inikaren bidez familia guztioi mezua bidaliko dizuegu. Bertan, zuen seme-alabaren lan-plangintza, metodologia eta, adinak hala ahalbidetzen badu, erabiliko ditugun bitarteko tekniko telematikoak zehaztuko dira.

Berez, autoritateek egoerak hamabost egunez irautea aurreikusten dute. Hori dela-eta, eguna pasa ahala ikasleen beharretara egokitzen eta erantzuten joango gara. Hortaz, tutoreek familia eta ikasleekin komunikatzeko, jarraipena egiteko eta feedbackerako erabiliko dituzten kanalak azalduko dizkizuegu.

Agertoki berri honetan koordinazioa, komunikazioa eta guztion inplikazioa ezinbestekoak dira. Inoiz baino garrantzitsuagoa da taldean lan egitea, kolaboratzea eta berrikuntza-bideak jorratzea. Gauza horiek guztiak gure ikastolaren jardunean txertatuta daude. Zaudete lasai.

Zer gertatzen da eskolaz kanpoko jarduerekin eta ikastolak eskaintzen dituen beste zerbitzuekin?
Osasun eta Hezkuntza Sailen aginduak betez, ikastolaren ardurapean dauden eskolaz kanpoko ekintza eta zerbitzu guztiak aldi baterako etengo dira eskola-jarduerak normaltasunera bueltatu arte.

Aldez aurretik, zuen laguntza, ulergarritasun eta kolaborazioa eskertzen dizkizuegu.

Jaso ezazue gure agurrik beroena.

Zuzendaritza Taldea