Proiektuak

Guraso eta irakasleen lankidetza estuaz, Euskal Herriko kulturaren barnean, balore demokratikoak dituzten eta gizartearen erronkei aurre egiteko prest egongo diren pertsona eleanitzak hezten ditugu.

Lagundu gure proiektuetan!

Jakin Nahi

Belaunaldien arteko topaketak edota proiektu puntualak nahiko ohikoak izaten dira eskola-munduan, baina programa honekin haratago joan nahi dugu zentzu estrukturalagoa eta eraginkorragoa izanez. Ekintzaletasun soziala bultzatzen duen proiektu honek emaitza konkretuak mahai gainean jarri nahi ditu.

Boluntariotza-programetan ere aintzindari izan ginen 1997an Matia Fundazioarekin bat eginez eta boluntariotza programak ikasleen artean bultzatuz eta, oraingoan modu estruktural batean, boluntariotza-norabidea eguneratu eta programa berritzaile eta errepikagarria garatu nahi dugu. Gure ikasleek eta aiton-amonek etorkizun parte-hartzaile, aktibo eta orekatuagoa eskain dezaketela uste dugu.

1997an lehenak izan ginen boluntariotza-programa hori aurrera eramaten beste ikastetxe askorentzat erreferente bihurtuz eta oraingoan Jakin Nahi programa honekin ere denontzat izango den lan-lerro berria zabaldu nahi dugu. Programaren helburu nagusia adin ezberdinetako hiritarrentzat teknologia, baratze, laborantza eta komunikazio arloetako elkarlanerako eremu eraginkorrak sortzea da.

Zer nolako jarduera eramango dira aurrera Jakin Nahi helburuak lortzeko?

  • Jakintsuen Txokoa: Ezaguera-espazio honetan, adin handiko eta bestelako erreferenteak gonbidatuko ditugu curriculumarekin bat datozen edota gure ume eta gazteentzat interesgarriak izan daitezkeen gaiak partekatu, landu eta hausnartzearren.
  • Jakin Nahi News: Axular Lizeoko egoitzan izango den komunikazio eta ikus-entzunezko espazioan, egunkari digital, irratsaio digital eta telebista digital baten bitartez, belaunaldien arteko “produktuak” sortuko dira euskararen erabilera bultzatuz bizitzaren esparru guztietan. Hori ikuspegi berritzaile eta motibagarri batetik egiten da programa horietan aiton-amonak gure ikasleekin batera teknologia berrien erabilpena ere landuz.
  • Ekolo Eremua: Landa eta hirietako ikuspegi ezberdinak eta hiritar aktiboak bultzatu nahian, Ekolo deituriko irudiarekin bat eginez, ingurumenaren zainketaren inguruan belaunaldi ezberdinak inplikatuz eta elkarlan eremuak sortuz (baratze, negutegia, sentsibilizazio-kanpainak eta bestelakoetan parte hartuz), gure natura eta landa-ingurunea ezagutzera eman eta balioetsi nahi dugu proposatuko diren Ekolo ekintza eta jarduera horietan hiritarrren parte hartze aktiboa bultzatuz.