Zuzendari berria

Zuzendari berria

Familia agurgarriak:

Mezu honen bitartez 2023-2024 ikasturtearen amaieran ikastolaren zuzendaritzan erreleboa izango dugula jakinarazten dizuegu.

8 urteren ondoren, Aitor Uriondok kargua utzi eta Julen Otegik, ikastolako irakasle eta egungo zuzendaritza taldeko kideak, lekukoa jasoko du. Urtarriletik aurrera eta ikasturtea amaitu arte, biek uztartuko dituzte egungo zereginak eta trantsizio-prozesua.

Julen ezagutzen ez duzuenontzat aurkezpen labur bat:

Ingeles filologian eta itzulpengintzan lizentziaduna, 2002. urteaz geroztik ikastolan lan egiten du eta 2011z geroztik batxilergoko koordinatzaile lanetan dabil. Gainera, 2014. urtean, DBHko etaparen orientazio akademikoa eta koordinazioa bere gain hartu zituen. Halaber, ikastetxeko kalitate- eta berrikuntza-taldean modu aktiboan parte hartu duela nabarmendu behar da.

Zalantzarik gabe, albiste ona da; izan ere, ikastolako profesional-talde osoak urte hauetan egindako lanari erreleboa eta jarraipena ematen jarraituko baitugu, barneko talentuaren aldeko apustua eginez eta gure hezkuntza-proiektuaren erronkei erantzuten jarraitzeko asmoz.

Lerro hauen bidez, eskerrak eman nahi dizkiogu Aitorri Axular Lizeoarekin urte guzti hauetan erakutsi duen lan eta inplikazioagatik eta Juleni erronka hau ilusioz eta konpromisoz hartzeagatik.

Jaso ezazue agur bero bat.

Axular Lizeoaren Artezkaritza Kontseilua