Ikasgela Birtualak 250.000 bisita

Gure Ikasgela Birtualak gainditu berri du 250.000 bisiten muga. Kopuru nabarmena da, erabiltzaile-izen eta pasahitzaz autentikatzen direnak baino zenbatzen ez ditugula kontuan hartuta, sarbide irekiko ikastaroetako bisitariak kanpoan utziz. Horrez gain,  azken bi ikasturteotan plataforma honek izan duen erabilpen-garapena ikusgarria izan da.  Eguneko 500 saioko batez besteak, batzuetan 2.000ra iritsita ere, aditzera ematen du DBH eta Batxilergoko ikasle eta irakasleek tresna zer neurritan erabiltzen duten.

2005-06 ikasturtean hasi zen Ikasgela Birtualaren proiektua Axular Lizeoaren ildo estrategiko gisa kontsolidatu da. 2005 eta 2007. urteetan Kalitatearen Euskal Fundazioaren, Euskalit, zilarrezko eta urrezko Qa duten enpresek osatzen duten 400 Klubak proiektu berritzaile onenaren saria eman zioten.

2010-11 ikasturtean aurrekoan ikastolan ezarritako GMail Education Edition tresnekin lotu genuen, baita Mahara Portfolio Elektronikoarekin ere. Azken horren erabilpena datorren ikasturtean hedatuko dugu, aurten pilotoa izan baita.
Datorren ekainaren 26an Ikasgela Birtuala eta GMail-aren arteko sinkronizazioa deskonektatuko dugu, eta itxi egingo dugu azken bertsio egonkorrera eguneratzeko. Hala ere, emaila ohiko helbidean (http://mail.axular.net) eskuragarri izango da. Horrela, 2012-13 ikasturtean plataforma azkarragoa, sendoagoa, modulu berriekin, sakelako telefonotik sarbidea duena eta webgune berriarekin integratua izango dugu, besteak beste.

Berriztapen hauek gure ikasle eta familiek aprobetxatzen jakingo duten zerbitzu ona eskaintzen jarraitzea ahalbidetuko digula ziur gaude.

Axular Lizeoko IKT taldea