Agenda 2030eko DBHko foroa Cristina Enean

Agenda 2030eko DBHko foroa Cristina Enean

Atzo, apirilak 26, Bigarren Hezkuntzako lau ikaslek “Ikasleen Foroak” deritzon bileran parte hartu zuten, Donostialdeko beste 25 ikastetxeekin batera. Bertan, “Energia, bizitzaren motorra” lelopean, ikasturtean zehar landutako konpromisoak amankomunean jarri eta maiatzean Donostiako Udalean aurkeztuko dituzten proposamenak adostu zituzten.

Hilabete hauetan zehar, Eskola Agenda 2030 programaren baitan eta Hodei Mayoz proiektuaren koordinatzailearekin batera, gure ikasleak energiaren gaian murgildu dira eta bide batez 7. GJHan (energia eskuragarri eta ez kutsatzailea). Ikasleek bi diagnostiko egin dituzte, bata ikastolakoa eta bestea hirikoa. Zenbat eta nola erabiltzen dugu energia? Nolako energia erabiltzen dugu? Nondik dator? Bere kontsumoak duen eraginaz ohartzen al gara? Diagnostiko hauetatik ondorio batzuk atera, konpromiso batzuk hartu eta proposamen eta eskaerak landu dituzte. Hauek atzoko egunean bateratu ondoren, maiatzaren 10ean Donostiako Udalari helaraziko dizkiote.