Dislexiaren Europar Eguna

Dislexiaren Europar Eguna

Urriaren 8an Dislexiaren Europar Eguna ospatuko da eta DISLEGIk, Gipuzkoako Dislexia Elkarteak egun hori aprobetxatu nahi du dislexian arreta jartzeko eta Gipuzkoako gizartea kontzientziatzeko kolektibo horri laguntza eta arreta egokia ematearen garrantziaz.

Dislexia Ikasteko Berariazko Zailtasuna da, jatorri neurobiologikoa du, eta honako ezaugarri hauek ditu: hitz idatziak ezagutzeko doitasunean eta arintasunean zailtasunak izatea, eta irakurtzeko eta letreiatzeko trebetasunetan gabezia izatea. Hala ere, DISLEGIko presidentea den Miren Urquijok azaldu duen bezala, oraindik ezjakintasun eta mito asko dago dislexiaren inguruan: "Oraindik ere badago gaixotasun bat dela uste duen jendea, adimenari eragiten diola diona edo pertsona alferrak besterik ez direla uste dutenak". DISLEGIk mito horiek desegin nahi ditu, eta detekzio goiztiarraren garrantzia azpimarratu nahi du, eskola-bizitzako etapa guztietan beharrezkoak diren egokitzapenak eta metodologiak eskaini ahal izateko.

Gaur egun, kalkulatzen da biztanleriaren %10ak ikaskuntza-nahasmendu hori duela, eta horietatik %33k soilik jasotzen dutela arreta profesional egokia.

Dislexiaren Europar Egunerako jarduerak
DISLEGIk gizarteko hainbat sektore informatzeko eta sentsibilizatzeko jarduerak bultzatuko ditu. Alde batetik, ostiralean bertan, urriaren 8an, hitzaldi irekia izango da "Dislexiaren erronkak Gipuzkoan" gaiari buruz, Errenteriako José Luis Casos aretoan arratsaldeko 17:30ean. Horrez gain, herritarrei dei egingo zaie sare sozialetan zabal ditzaten kanpainako kartelak. Azkenik, kanpaina Gipuzkoako ikastetxe guztietara ere zabalduko da, ikasgelan dislexiaren gaia lantzeko proposamenekin.

Sei urte Gipuzkoako familiei laguntzen
DISLEGI 2015ean hasi zuen bere ibilbidea dislexiarekin inguruan laguntza behar zuten familien kopuru gero eta handiagoari erantzuteko. Gipuzkoako Elkartearen helburu nagusia da dislexiak arrakasta akademikoan duen eragina murriztea eta gizartea kontzientziatzea inklusibitatea errealitate bihur dadin.

Dislexia duten pertsonen eskubideak defendatzean oinarritzen da bere lana; Gipuzkoan familiei, eskolei eta espezialistei orientazioa, laguntza eta beharrezko baliabideak eskainiz.

Gaur egun 132 familia dira elkarteko kide eta 2020an prestakuntza-saioak egin dira Gipuzkoako 500 irakasle baino gehiagorekin.

Informazio gehiagorako edo elkarrizketak kontzertatzeko deitu 606324023era edo idatzi E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.-era.