Axular Lizeoa, gero eta jasangarriagoa

Bizikletatako mantenu-puntua eta espaloi jasangarriaren planoa

Kaixo, Axularkide:

Mezu honen bidez, agurtzen zaitut eta komunikatzen dizut, aste batzuetako atsedena hartuko dugun arren, ikastolak martxan jarraitzen duela etorkizunerako prestatuz eta #GEROA2030 geure proiektuak markatzen duen bidea betez.

Urtero udan burutzen ditugun mantenu-lanez gain, azken egunotan segurtasun-kamerak aldatu ditugu, ikastola teknologia aurreratuenaz hornituz.

Bestalde, gogoratuko duzunez, bizikletatarako aparkaleku-kopurua iaz handitu genuen, frontoiaren aldeko motorren aparkalekuan nahiz ikastolaren sarreran. Helburua bizikleten erabilera bultzatzea zen. Hortaz, uda honetan aurrerapauso bat gehiago eman nahi izan dugu frontoi aldean bizikletak konpontzeko puntua sortuz (goiko ezkerraldeko irudia). Tresna hori modu egokian erabiltzearren, kurtsoan zehar tailer batzuk antolatuko ditugu, aditu batek gure ikasleei gutxieneko formazioa eskain diezaien.

Azkenik, abuztuan zehar aspaldidanik prestatzen ari ginen proiektu estrategiko bat errealitate izango dela. Datozen lau asteotan “Espaloi jasangarria” izenburuko proiektuaren lehenengo fasea egingo dugu. Proiektua Garapen Jasangarriaren helburuak gure ikasleekin lantzera bideratuta dago. Ikastola jasangarriagoa izan dadin, gure hezkuntza-komunitatea sentsibilizatu nahi dugu, bide batez segurtasuna eta irisgarritasuna hobetuz.

“Espaloi jasangarria” zati batean Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen Sailak finantzatuko du. Laguntza-lerro honek garapen jasangarriko formazioa eta sentsibilizazioa bultzatzen dituzten ekipamendu, instalazio eta espazioetan inbertsioa bultzatu nahi du. Hori dela-eta, ikastolan azken 15 hilabeteotan lan handia egin da 2021-22 ikasturtean ikusiko dugun proposamen pedagogiko, tekniko eta arkitektoniko hau diseinatu eta aurrera eramateko.

Material birziklatuko lehen espaloia izango dugu eta, horretarako, irailetik aurrera, gure hezkuntza-komunitate osoa, Eko-REC eta Ekomodo bezalako materialak birziklatzen dituzten enpresak, Campezo enpresa eta ikastolako arkitektura- eta pedagogia-teknikariak inplikatuko ditugu.

Goiko eskuinaldeko irudian ikus dezakezu pertsonen eta ibilgailuen irisgarritasuna hobetuko duen proiektuaren planoa.

Ikasle, irakasle, familia eta auzoko nahiz hiriko eragileen sentsibilizazioa eta inplikazioa nahitaezkoak izango dira materiala bildu, sortu eta elkarrekin ikaste aldera.

Zalantzarik gabe, 2021-2022 ikasturtea oso interesgarria izango da.

Oporraldi ezin hobea opa dizut.

Agur bero bat.

Aitor Uriondo
Axular Lizeoko Zuzendaria